Abstract: “Piriformearen sindromearen (profesionala) ajea. Jarduera Fisiko bidezko egitasmoa eta proposamena” Gradu Amaierako Lanean, izenak dioen bezala, sindrome honek utzitako ondorioak kontuan izanda, pertsona batentzako JF programa azaldu nahi da. Gai hau arrazoi pertsonalak direla eta hautatu da, gertuko senide bati laguntzeko asmoz. Hautatutako pertsonaren egoera ondoren azalduko dena da. 60 urteko gizonezkoa, harakina ofizioz, sindromea bere lanaren ondorioz agertu izan zitekeela susmatu zuten profesionalek. Karga astunak jaso behar izaten ditu eta eguneko ordu gehienak, 12 inguru zutik igarotzen ditu alde batetik bestera mugituz. Fisioterapia, injekzioak eta analgesikoak erabili dira tratamendu gisa, orain arte hobetzen lagundu diona. Behin errehabilitazio programa amaituta, jarduera fisiko planaren asmo nagusia bere ohiko jardunera egokitzea, egoera fisikoa hobetzea eta ongizatea berreskuratzea izango da. Horretarako, lanean jorratuko diren aspektuak batetik sindromeari buruzkoak izango dira; zer den, zergatik sortzen den, zein ondorio izaten dituen etab. jarduera fisikoan ditugun helburuetan kontuan izateko. Bestalde, munduko entitate eta erakunde ezberdinen jarduera fisiko preskripziorako aholkuak kontuan izango dira, behe bizkarraldeko minaren ingurukoak (“low-back pain”), batez ere, diseinu egoki bat egiteko. Aurrez aipaturiko bere ofizioak dituen ezaugarriak eta bertan pertsonak dituen patroi motorrak ere oso garrantzizkoak izango dira honetan. Azkenik, pertsona honentzako, bere lanari egokitutako (ordu kopurua eta egiten duen lan mota) jarduera fisiko programaren azalpena egingo da eta zenbait aholku ere emango dira.
No Comments.