Abstract: [EUS] Emakume postmenopausikoek osteoporosia pairatzen dute maiz. Horrek hezur-dentsitate minerala galtzea dakar, eta, ondorioz, erorketak direla eta, hezur-hausturak izateko arriskua dago. Hau prebenitzeko hainbat tratamendu farmakologiko eta ez-farmakologiak gomendatzen dira eta horietako bat jarduera fisikoa da. Hala ere, gomendatzen den jarduera fisiko mota, batzuetan ez da komenigarria emakume guztientzako. Horregatik, beste hautabide eraginkorrak bilatzea garrantzitsua da, hezur-dentsitate galera prebenitzeko emakume horietarako. Errebisio sistematiko honen helburua, beraz, gorputz osoko bibrazio-terapiak (Whole Body Vibration Therapy, WBV) postmenopausikoak diren emakumeen hezur-dentsitate mineralean (bone mineral density, BMD) daukan eragina aztertzea da. Horretarako, bi datu baseetan burutu da bilaketa eta azkenik 6 artikulu aukeratu dira, onarpen eta baztertze irizpideak, eta ikerketen kalitatea kontuan izan ostean. Aukeratutako interbentzioetan WBV bakarrik edo beste entrenamendu mota bat erabili izan da, kontrol talde batekin konparatzeko. Interbentzioaren eraginkortasuna zehazteko, hezur-dentsitate minerala (BMD) aztertu izan da leku desberdinetan (gune lunbarrean, lepo femoralean, aldakan, Ward triangeluan, trokanter nagusian eta gune intertrokantereoan) aldagai nagusi bezala. Emaitzak aztertzean, hiru ikerketek emaitza estatistikoki esanguratsu lortu zituzten, beste hirurek lortu ez zituzten bitartean, gehienbat gune lunbarrean hobekuntza nabarmenak ikusiz. Honekin, bukatzeko, nahiz eta emaitzak guztiz adierazgarriak ez izan, hauek iradokitzen dute WBV terapia erabilgarria izan daitekeela emakumeen BMD-a hobetzeko, batez ere gune lunbarrekoa; gehienbat ohiko entrenamendu multikonponentala burutu ezin duten emakumeentzat. Dena den, gehiago ikertu beharreko gaia da, benetako protokolo eraginkorrena zein den zehazteko.
No Comments.